XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izan ere, espezieen babespen egokia gerta dadin, habitat bera babestu egin behar deneko ondoriora itzultzen gara berriz ere.

Orobat, autoktonoak ez diren espezieak sartzea erabat debekatu edo, gizakiaren kontsumorako edo larruaren ustiapenerako basetxe industrialetatik ihes egin ez dezatela zaindu beharko litzateke.

Adibide batzuk aipatzearren, bisoi amerikarra edo koipua ditugu, azken hori hegoamerikarra; espezie horiek, ibaietako ubideei loturik dauden ur-ipurtatsa edo beste zenbait ugaztunen populazioen oreka egoera konponezinera eraman dezakete, eragindako konpetentzia trofiko zein territoriala direla eta.

Koipuaren kasuan, Gipuzkoan zehar bere populazioen hedapena frogatuta dago, Iparraldeko industri ustiapenetan jatorri dutela.

Untxiaren hazkuntza industrialarekin beste hainbeste gertatzen da.

Ehizarako espezieak edo kili-kolo nahiz desagertuta dauden espezieak berreskuratu eta berrekartzeko birpopulazioei dagokienez, gomendagarria da populazio autoktonoen garbitasun genetikoaren alde egitea eta, inguruko arraza autoktonoetakoak ez diren genotipodun animaliekiko hibridazioa saihestea.

Ehiza dela eta, iharduera jakin batzuei amaiera ematea izango litzateke onena, hala nola, norberaren interesen alde egitearren ehizan probetxugarri diren hainbat espezieren haragijale depredatzaile hiltzea.

Inguru naturalean depredatzaile horiek betetzen duten zeregin ekologiko paregabeaz jabetu beharko lukete pertsona horiek.

Guztion mesederako den onura ekologikoari eman beharko genioke lehentasuna.

Bukatzeko, azken boladan Euskal Herriko hainbat tokitan (Enkarterriak, 1994ko maiatza-ekainan; Gibijo mendikatea, 1994ko urrian) eman diren otso-batidak deuseztatu egin behar dira gogor, Estatuaren iparraldean espezie honek dituen populazioen urritasuna ahantzi gabe.

Abeltzaintza eta espezieen kontserbazioa bateragarriak mantentzeko ahalegin sendoak egin beharko dira, horien artean kalte-ordainak lehenbailehen burutu artzaien galerak orekatzeko.

Eta gizarteak bereganatu beharko du erantzunkizun oso hau eta ez mundu ruralak soilik.